Erlezaintza eta gure produktuak

bodegoi2

Kalitatea. Hori da, hain zuzen, Aikurren hitzetik hortzera darabilgun kontzeptua: bai erleen bizi-baldintzei dagokienean, eta baita eskaintzen ditugun produktuei dagokienean ere. Animalia oso eskuzabala da erlea, ondo zainduz gero poz handiak ematen dituena. Horregatik, gure ahaleginaren zati handi bat erlearen ongizatea bermatzera bideratzen dugu, kutsadurarik gabeko lekuetan kokatuz eta negua pasa dezaten nahikoa ezti utziz. Produktuei dagokienez, komertzializatzen ditugun guztiek kalitate ziurtagiri bat daukate.

Ekoizten dugun eztiaren zati bat ekologikoan ekoizten degu, baita polena eta propolia ere, kutxadurarik gabeko lekuetan eta produktu kimikorik erabili gabe. Gainontzeko eztia berriz Eusko Label ziurtagiriaren aterkipean.

seiloak koloretan

EZAGUTU GURE PRODUKTUAK:

EZTIA

eztia

Erleek sortutako elikagai gozoa da eztia. Loreen nektarra edo zuhaitzen mielatoak xurgatu ondoren digeritu egingo ditu erleak, eta hezetasun egokia lortzen duenean sortzen da eztia.

Ateratzeko pronto dagoenean, erlauntzatik jaso eta zentrifugazio bidez erauzten dugu. Ezti batzuk, likidoak hain justu, zuzenean poteetan sartzen ditugu. Azkar kristaltzen diren eztiak, aldiz, krematu egiten ditugu. Kristaltzeko joera eduki ohi du eztiak, eta fenomeno guztiz naturala da.

Ezti kristalduak ez du, inondik ere, kalitaterik galtzen, baina erabilera zailtzen du sarritan, eztia pote barruan gogortuta gelditzen delako eta sorturiko kristalak ez direlako atseginak jateko garaian. Zailtasun horri aurre egiteko, eztia hotzean xehatzen dugu eta kristal handiak txiki bihurtu, produktu krematsua lortuz.

Erleek hainbat loralditara jo dezakete, horren arabera, eztiak kolore, zapore eta portaera ezberdina izango du. Udaberriko eztiek kolore argiagoa eta zapore suabegoa izan ohi dute (akazia, erromeroa…), eta uda-udazkenekoek, aldiz, kolore ilunagoa eta zapore sendoagoa: mielatoa, txilarra…

Milaloreak edo lorebakarrak izan daitezke eztiak.

  • Lorebakarra: Erleek, gehienbat, lore mota bakarrera jotzen dutenean sortzen duten eztiari deitzen zaio. Gure kasuan, eztia lorebakarra dela ziurtatzeko eta gisa horretara ontziratzeko, laborategi baten analisia beharko dugu.
  • Milalorea: Loraldia oso anitza denean, erleek hainbat lore espezietara joko dute, eta sortutako eztia milalorea izango da.

Aikurreko eztiak Euskal Herrian ekoiztuak dira: Gipuzkoan, Nafarroan eta Araban. Ondokoak dira lurralde bakoitzeko loraldi nagusiak.

 

eztiak

Gipuzkoan:

  • Akazia
  • Laharra
  • Gaztaina

Nafarroan:

  • Erromeroa
  • Ezkaia
  • Eskobizoa

Araban:

  • Mielatoa
  • Txilarra

POLENA

Erleek loreetatik biltzen duten elikagai proteikoa da polena. Atzeko hanketan dituen zakutxoetan batuko du erleak, eta, ondoren, bere larbak elikatzeko erabiliko du. Erlea erlauntzan sartzera doanean, tranpa baten laguntzarekin jasotzen dugu polena, eta daukan gehiegizko hezetasuna lehorgailuan kendu ondoren, zuzenean ontziratzen dugu.

Gizakien gorputzak behar dituen oinarrizko elementu guztiak neurri egokian dauzka polenak. Proteina eta zuntz iturri aberatsa da, adibidez, gorputza indartzeko oso egokia.

Gipuzkoan daukagun landare eta zuhaitz aniztasunarengatik, hainbat polen mota biltzen dute erleek. Aikurren jasotzen dugun polena kutsadurarik gabeko inguruetatik jasotzen dugu, eta, batik bat, laharrarena eta gaztainarena da. Laharraren polena grisa da, eta gaztainarena horia.

Polena kontsumitzeko hainbat modu daude. Goizean, baraurik, goilarakada bat eztarriratzea da egokiena, baina, besteak beste, jogurtean nahastuta edo entsaladako osagai gisa erabilita ere har daiteke.

polena2

PROPOLIA

propoleo

Erleek hainbat landare kimuetatik biltzen duten gai erretxinatsua da propolia. Landareek haien kimuak onddo eta bakterietatik babesteko erabiltzen dute erretxina, eta erleek haien atzeko hanketan pilatzen dute eta erlauntzara garraiatu. Bertan sortzen da propolia, argizari eta listu jariatzeekin nahastu ondoren.

Erlauntzako zuloak estaltzeko, erlauntza esterilizatzeko, edo, besteak beste, erlauntza barrura sartu den etsaia(xaguak, tximeletak, sugandilak,…) momifikatzeko erabiltzen dute erleek. Gizakiontzat ere oso onuragarriak diren propietateak ditu propoliak, eta hainbat gaixotasuni aurre egiten laguntzen du. Antibiotiko naturala da eta bakterioen zein oxidatzaileen aurkako propietateak ditu, beste hainbat propietateren artean. Gure artean propoliaren erabilera asko hedatu da eztarriko infekzioen aurka, ahoko zauriak sendatzeko, onddoen aurkako tratamentu gisa eta sistema inmunologikoa indartzeko.

Produktu solidoa da propolia. Alkoholetan disolbatuko dugu erabilera errazteko, propoli tintura lortuz. Ziurtatutako alkohol ekologikoa erabiltzen dugu Aikurren, eta propolia ere erlauntza ekologikoetatik ateratzen dugu.

ARGIZARIA

argizaria3

Erleek dauzkaten argizari guruinetatik sortzen den produktua da, eta erlauntzako abaraskak eraikitzeko erabiltzen dute. Kuriositate bezala, erleek zortzi kilo ezti kontsumitu behar dute kilo bat argizari sortzeko. Horregatik, ezti sasoia denean soilik sortzen dute argizaria erlauntzan.

Garrantzia handiko produktua izan da argizaria historikoki: kandelak eta ukenduak egiteko, egurrezko lurrak babesteko… Baina produktu kosmetikoak egiteko erabiltzen da, batez ere, gaur egun.

Argizariz osatutako kandelak ere eskuratu ahal izango dituzu Aikurren.

UKENDUAK

Euskal Herrian betidanik erabili izan diren ukenduak ere egiten ditugu, argizari eta oliba olio ekologikoak eta hainbat sendabelar erabiliz.

  • Hiru belar ukendua: Pasmo belarra, plantaia eta berbena belarrak erabiltzen ditugu ukendu hau egiteko. Pasmo belarrak eta berbenak gaiztotutako zaurietatik zikina ateratzeko ahalmena dute, eta plantaiak zauria orbaintzen laguntzen du.
  • Intsusa ukendua: Intsusa adarren azala erabiltzen dugu ukendu hau egiteko. Erretrapu bezela ere ezaguna da eta azaleko hainbat arazori aurre egiteko erabiltzen da: erredurak, azal lehorra, haurtxoen azal egosiak…

ukendua2

NUKLEOAK

panala

Udaberrian sortutako nukleoak ere saltzen ditugu. Nukleoak bost abaraskaz osatuta daude: umez hiru, eta bi ezti eta polenez. Erreginak guk sortu ditugu, traslarbe metodoa erabilita.